Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

71. zenbakia Data 2004-04-19 7201 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Apirilaren 7ko 3/2004 FORU ARAUA, irabazirik gabeko entitateen zerga erregimena eta mezenasgoaren zerga onurari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 FORU ARAUA.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2004ko apirilaren 7a.—Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda, diputatu nagusia.

(3607) (3301)

HITZAURREA

Azken hamar urteetan aurrerapen handia egin dute irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek. Gizartea gero eta gehiago jabetu da onura orokorreko jardueretan sektore pribatuak parte hartu beharraz eta sektore publikoari lagundu beharraz, askotan sektore publikoa ez delako iristen Ongizatearen Estatua deritzanaren babesean sortu diren premia gero eta handiagoei komeni den neurrian erantzutera. Horren ondorioz, entitate berriak sortu dira eta herritarren aldetik horienganako laguntza gehitu da.

Aurrerapen horrekin, ordea, 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Araua, Ekimen Pribatuari Interes Orokorreko Jardueretan Parte Hartzeagatik Pizgarri Fiskalak emateari buruzkoa, atzeratuta geratu da, eta honako foru arau berri hau, gai horretako araudi zaharraren ordez beste modernoago bat ezartzera dator, helburu hauekin: Alde batetik, bere eremuan sartzen diren entitateei segurtasun juridikoa eskaintzea; beste batetik, araudiaren aplikazioari begira entitate horiek bete beharreko baldintzak malgutzea; eta, bestetik, gizarteak onura orokorreko jardueretarako egiten dituen ekarpenei ematen zaien zerga tratamendua hobetzea.

Foru arau honek hogeita hamaika artikulu ditu, eta hiru titulutan egituratuta dago. I. tituluan, foru arauaren xedea, aplikazio eremua eta ordezko araudia jaso dira, soil-soilik. Foru Arauak beste titulu zabal bana eskaintzen die bere xedea osatzen duten bi eremuei, hau da, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari titulu bat, eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei beste bat.

II. titulua, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimena arautzen duena, hiru kapitulutan banatuta dago. Lehenbizikoak zehazten du zer baldintza bete behar dituzten fundazioek eta herri onurakotzat hartutako elkarteek, foru arau honen ondorioetarako irabazi asmorik gabeko entitatetzat hartuak izan daitezen eta, ondorioz, foru arauak ezartzen duen zerga erregimenean sartzeko aukera eduki dezaten.

Aukera hori nahi duenak egin dezake, ezarritako baldintzak betez gero, eta horretarako nahikoa du Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari hala adieraztea. Aurrerantzean ez du, beraz, lehen aplikatzen zitzaion erreguzko izaera.

Betebeharren artean nabarmenena da, aurreko araudian gertatzen zen bezala, entitateak bere ustiapen ekonomikoetatik eta ondasun edo eskubideen eskualdaketatik etorritako errenten % 70 gutxienez entitatearen xedeetarako erabili behar duela, nahiz eta berrikuntza bat badagoen, horietatik salbuetsita geratuko baitira entitateak bere berezko jardueran erabiltzen dituen ondasun higiezinak besterentzeak ekarritako diru kopuruak, baldin eta xede bera izango duten higiezinetan inbertitzen badira berriro.

Aipatutako betebehar hori betetzeko lau urteko epea ezartzen da, baina nabarmendu behar da salbuespena egiten dela hiru urte baino gehiagoan eduki diren balioen kostu bidezko eskualdaketatik etorritako errenten kasuan, eta horrelakoetarako hamar urteko epea ezartzen dela.

Oro har, entitateek ezin dituzte beren sortzaileak edo zuzendaritza organoetako kideak, edo haien familiakoak, entitatearen jardueren hartzaile nagusi egin, ezta halakoen aldekotasun berezirik agertu ere.

Gainera, bai aipatutako zuzendaritza organoetako kideek, eta bai, entitatea merkataritza sozietateren bateko kapitalean partaide bada, entitatearen ordezkari diren administratzaileek, doan egin behar dute beren karguari dagokion lana, nahiz eta lan horrek lekarzkiekeen gastuengatik ordaina jaso dezaketen.

Entitatea desegitekotan, desegindako entitatearen ondare oso-osoak joan beharko du, edo Foru Arauan ezarritako baldintzen arabera mezenasgoaren onuraduntzat hartutako beste entitate baten eskuetara, edo onura orokorreko xedeak dituen eta fundazioa ez den entitate publiko batenetara.

Azkenik, derrigorrezko betebeharra dute urtero memoria ekonomikoa egitea, bertan jasorik, kategoriaz kategoria eta proiektuz proiektu, ekitaldiko diru sarrerak eta gastuak, eta merkataritza sozietateetan duten partaidetza portzentajea.

II. tituluko II. kapituluan, Sozietateen gaineko Zerga irabazi asmorik gabeko entitateei nola aplikatuko zaien azaltzen da, eta, hasteko, hemen jasotzen ez den guztian Sozietateen gaineko Zergaren Foru Araua beteko dela ezartzen da.

Sozietate Zergan, salbuetsi egiten dira, ordainik eman gabe eskuratuta, sorburu hauetatik datozen errentak: Ondare higigarri nahiz higiezinetik etorriak, ondasun edo eskubideak eskuratzetik edo eskualdatzetik etorriak, eta salbuetsitako ustiapen ekonomikoen jardueratik etorriak, baita, errenta salbuetsietatik datozenak izanik, irabazi asmorik gabeko entitateei esleitzekoak direnak ere.

Ustiapen ekonomikoen jardueratik datozen errentei trataera berri bat ematen die zerga erregimen honek, salbuetsi egiten baititu entitatearen helburu edo xede espezifikoak betetzeko egiten diren jardueretatik datozen errentak, jarduerak izaera lagungarri edo osagarria badu ere. Horretaz esan behar da, jarduerak lagungarri edo osagarritzat hartua izateko, gehienez ere, kopuruz, entitatearen eragiketa bolumenaren %25 izan behar duela. Era berean, salbuetsita geratuko dira garrantzi txikiko ustiapenak, halakotzat hartuko direlarik 30.000 euro edo gutxiagoko eragiketa bolumena dutenak.

Oinarri ezargarriari %10eko tasa aplikatuko zaio, hau da, lehengo araudian zegoena bera.

III kapitulua osatzen duen udal zergei buruzko artikulu bakarrean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan eta Jarduera Ekonomikoenean salbuespenak egiteko zeuden muga batzuk kendu egin dira, eta Lurzoru Hiritarren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergan salbuespen bat sartu da, irabazi asmorik gabeko entitateentzat.

III. tituluak mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzen ditu, eta horien hartzaile izan daitezkeen entitateen zerrenda ematen du.

Dohaintzen eta ekarpenen erregimen fiskalari buruzko atalean, berrikuntza gisa sartzen da, Sozietateen gaineko Zergari eta Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokienez, subjektu pasiboak direnek pizgarri fiskalak ematea bai eskubideen dohaintzari zein ondasun, eskubide eta balioen gaineko gozamen eskubide errealak eratzeari, hori guztia kontra-prestaziorik gabe, bai zerbitzuak doan eskaintzeari-«zerbitzuen dohainak» izendatu ohi direnak.

Kontzeptu horiengatik egingo diren kenkarien oinarria finkatu eta gero, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion kuotan emaitza, dohaintza eta ekarpenen % 30eko kenkaria ezartzen da, eta % 25ekoa Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokionean, establezimendu iraunkorrik gabeko zergadunentzat.

Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta establezimendu iraunkorra duten Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunek egindako ekarpenak, berriz, indarrean dagoen tratamenduarekin jarraituz, partida kenkaridun izango dira, bi zerga horien oinarri ezargarria kalkulatzeko garaian.

III. kapituluan, mezenas jarduketa jakin batzuetan aplika daitezkeen zerga onurak azaltzen dira; zehazki, enpresek mezenasgoaren onuradun kalifikatutako entitateei onura orokorreko jardueretan laguntzeko lankidetza hitzarmenetan eta onura orokorreko xedeetarako egindako gastuetan aplikatzekoak. Hor bada berrikuntza bat: Gastu kengarrietan lehen zeuden mugak ezabatu egin dira. Bestalde, dohaintzan emateko artelanak eskuratzeari ematen zaion trataerak bere horretan jarraituko du.

IV. Atalean, urteroko lehentasunezkotzat jotzen diren mezenasgo jarduerek bete beharko duten araudia zehazten da, eta berrikuntza gisa, aurreko araudian zeuden mugak ezabatzeaz gain, interes publiko berezikoak diren gertaerei laguntza emateko programak sartzen dira.

Era berean, eta partaidetza pribatua lehentasunezko jardueretan sustatzearren, gaur egun dagoen kenkaria %18raino igotzen da; adierazitakoak, oinarri ezargarria zehazteko eraginetarako kengarria den partidatzat hartzearekin batera, esan nahi du, errealitatean, egindako ekarpenaren %50 baino gehiagoko eragin fiskala dela.

Gai horri dagokionez, azken artikuluan, lehen aldiz, Estatuaren eta beste foru lurraldeen aldetik lehentasun aitortua duten jarduerei eta aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programei begira oro har, elkarrekikotasun irizpide bat ezartzen du, baldintza soila izanik haien araudietan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako jarduera eta programak aintzat hartzea.

Xedapen gehigarrien eginkizuna da, azkenik, alde batetik, artikulu batzuk aldatzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, Sozietateen gainekoa, eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gainekoa erregulatzen dituzten foru arauetan eta kooperatiben zerga erregimenari buruzkoan, eta, beste aldetik, berezitasun batzuk ezartzea aurrezki kutxen gizarte ekintzei, kirol federazioei, entitate erlijiosoei, eta Eliza Katolikoaren eta beste eliza, fede eta komunitate erlijiosoen zerga erregimenari aplikatzekoak.

I. TITULUA

XEDEA, APLIKAZIO EREMUA ETA
ORDEZKO ARAUDIA

1. artikulua.  Xedea.

Foru arau honen xedea da bere baitan definitutako irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimena arautzea, gizarte eginkizunari, jarduerei eta ezaugarriei dagokienez.

Halaber, bere xedea da mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak arautzea ere. Foru arau honen xedeetarako, mezenasgotzat hartzen da interes orokorreko jarduerak egitean parte hartzen duen ekimen pribatua.

2. artikulua.  Aplikazio eremua.

Foru arau honetan xedatutakoa Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudiarekin lotutako subjektu pasiboei aplikatuko zaie, hala xedatzen baitute 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergarenak, 2. artikuluan, 1998ko abenduaren 24ko 8/98 Foru Arauak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 2. artikuluan, eta 1999ko apirilaren 26ko Foru Arauak, Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergarenak, 2. artikuluan.

3. artikulua.  Ordezko araudia.

Foru arau honetan jasota ez dagoen guztian, Gipuzkoako zerga araudia aplikatuko da izaera orokorrez.

II. TITULUA

IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEN ZERGA ERREGIMEN BEREZIA

I. KAPITULUA.  ARAU OROKORRAK

4. artikulua.  Irabazi asmorik gabeko entitateak.

Foru arau honi dagokionez, irabazi asmorik gabeko entitatetzat joko dira fundazioak eta herri onurakotzat hartutako elkarteak, eta horrelakoen federazio eta elkarteak, baldin onura orokorreko xedeak badituzte, dagokien erroldan idatzita badaude, eta hurrengo artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

5. artikulua.  Irabazi asmorik gabeko entitateen beharkizunak

Aurreko artikuluan aipatutako entitateak irabazi asmorik gabeko entitatetzat hartuko dira, foru arau honen ondorioetarako, baldin eta ondorengo beharkizunak betetzen badituzte:

1.Interes orokorreko helburuetarako, hurrengo errenta eta diru sarreren ehuneko 70 gutxienez ematea:

a)Haien ustiapen ekonomikoen errentena.

b)Haien jabetzako ondasun edo eskubideak eskualdatzean lortutako errentena. Errenta horiek kalkulatzean, ez dira sartuko ondasun higiezinak ordain truke eskualdatzean lortutako errentak, higiezin horietan gauzatzen duenean berariazko xedeari lotutako jarduera, baldin eta eskualdaketaren zenbatekoa berrinbertitzen bada berariazko xedeari lotutako ondasun eta eskubideetan.

c)Beste edozein kontzeptu dela medio lortutako sarrerena, sarrera horiek lortzeko izandako gastuak gutxituta. Sarrera horiek lortzeko izandako gastuak, bidezkoa denean, hainbat gasturen zati proportzionalaz osatu ahal izango dira, sarrerak lortzeko baliagarriak diren neurrian: Kanpoko zerbitzuen gastuak, langileria gastuak, kudeaketako bestelako gastuak, gastu finantzarioak eta zergak. Kalkulu horretatik kanpo geratuko dira estatutuetako xedeak edo irabazi asmorik gabeko entitatearen helburua betetzeko izandako gastuak. Sarrerak kalkulatzean, ez dira sartuko ondare-hornidura gisa hori eratzean edo geroago jasotzen diren ekarpenak edo dohaintzak.

Irabazi asmorik gabeko entitateek ondare-hornidura edo erreserbak gehitzera zuzendu beharko dituzte gainerako errenta eta sarrerak.

Beharkizun hori betetzeko epea errentak eta sarrerak lortu diren ekitaldiaren hasieratik ekitaldi hori itxi ondorengo lau urteetara bitartekoa izango da, non eta hiru urte baino gehiagoan eduki diren balioen kostubidezko eskualdaketatik etorritako errentak ez diren, horrelakoentzat epea hamar urtekoa izango baita.

2.Jarduera ez izatea estatutuetan jasotako xedeari lotu gabeko ustiapen ekonomikoen garapena. Beharkizun hori beteta dagoela ulertuko da, estatutuetako xedeari lotu gabeko ustiapen ekonomiko ez-salbuetsien multzoak ekitaldiaren barruan izan duen eragiketa-bolumena ez denean entitatearen eragiketa-bolumen osoaren %40tik gorakoa, baldin eta ustiapen ekonomiko ez-salbuetsi horien garapenak ez baditu urratzen lehiakortasuna babesteko arauak.

Foru arau honen ondorioetarako, irabazi asmorik gabeko entitateek ustiapen ekonomikoa egiten dutela ulertuko da bere kontura produkzio baliabideak edo giza baliabideak, edo horietako bakar bat, antolatzen dituztenean, ondasunen edo zerbitzuen produkzioan edo banaketan esku hartzeko asmoz. Entitatearen higiezinen ondarea errentan ematea ez da hartuko ustiapen ekonomikotzat, ondorio horietarako.

3.Sortzaileak, bazkideak, patronuak, estatutu-ordezkariak, gobernu organoetako kideak eta horietako edozeinen ezkontideak, Izatezko bikoteei buruzko 2003ko maiatzaren 7ko 2/03 Legearen arabera osatutako izatezko bikoteko kideak edo laugarren mailarainoko ahaideak, hori barne, ez izatea entitateek egindako jardueren hartzaile nagusiak edo haiei ez egokitzea zerbitzuen onura jasotzeko baldintza berezirik.

Aurreko paragrafoan jasotakoa ez zaie aplikatuko ikerketa zientifikoarekin eta garapen teknologikoarekin lotutako jarduerei, ez eta abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuak, Gipuzkoako zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzen duenak, hurrenez hurren 20. artikuluaren bat apartatuko 8 eta 13 zenbakietan aipatutako gizarte laguntzarekin edo kirolarekin lotutako jarduerei ere. Era berean, hura ez zaie aplikatuko Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legeak edo bidezko autonomia erkidegoaren legeak hurrenez hurren jasotako exijentziak betetzen dituzten Euskal Kultur Ondarearen edo Espainiako Ondare Historikoaren ondasunak artatzea eta zaharberritzea xede duten fundazioei ere.

4.Patronuari, estatutu-ordezkariari eta gobernu organoko kideari lotutako karguak doakoak izatea. Nolanahi ere, eginkizun hori betetzeak sortzen dituen gastuak ordaintzeko eskubidea izango da, horiek behar bezala frogatuta daudenean. Kontzeptu hura dela-eta jasotako kopuruak ezin izango dira handiagoak izan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian zergapetu gabeko dietatzat hartuak izateko jasotzen diren mugak baino.

Herri onurakotzat hartutako elkarteen kasuan, ordezkaritza organoek ordainsariak jaso ahal izango dituzte; ez, ordea, fondo edo diru laguntza publikoen kontura.

Patronuek, estatutu-ordezkariek eta gobernu organoko kideek entitatearen ordainsariak jaso ahal izango dituzte zerbitzuak emateagatik, barne sartuta lan harremanaren barruan emandako zerbitzuak, patronatuko edo ordezkaritza organoko kide gisa dagozkien eginkizunak betetzeak dakartzan zerbitzuez bestelakoak direnean, baldin eta entitatearen arauetan jasotako baldintzak betetzen badira. Pertsona horiek ezin izango dute parte hartu entitatearen emaitza ekonomikoetan, ez beren kabuz eta ez tarteko pertsona edo entitateren bidez ere.

Zenbaki honetan jasotakoa merkataritza-sozietate partizipatuetan entitatea ordezkatzen duten administratzaileei ere aplikatuko zaie, salbu administratzaile gisa jasotako ordainsariak ordezkatutako entitatera itzultzen badira.

Hori gertatzen denean, administratzaielak jasotako ordainsaria salbuetsita egongo da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik, eta ez da derrigorrezkoa izango zerga horren kontutako atxikipenik egitea.

5.Entitatea deseginez gero, ondare osoa ematea foru arau honek 18.etik 26.era bitarteko artikuluetan, biak barne, jasotako ondorioetarako mezenasgoaren entitate onuraduntzat hartutako entitateetako bati edo, bestela, interes orokorreko xedeak dituzten eta fundazio izaera ez duten entitate publikoei. Era berean, zirkunstantzia hori espresuki jaso behar da desegindako entitatearen fundazio-negozioan edo estatutuetan. Irabazi asmorik gabeko entitate horiei aplikatuko zaie Sozietate Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 90. artikuluaren 1 apartatuko c) letraren kasurako jasotzen duen zerga erregimena.

Inoiz ere ez dira hartuko irabazi asmorik gabeko entitatetzat, foru arau honen ondorioetarako, iraungitze kasuetan ondarea eman duenari edo horren oinordekoei edo legatudunei itzultzea baimentzen duen arau juridikoak dituzten entitateak, salbu ondarea itzultzen bazaio mezenasgoaren entitate onuradunetako bati foru arau honek 18.etik 26.era bitarteko artikuluetan, biak barne, jasotako ondorioetarako

6.Urtean behin txosten ekonomikoa egitea. Txostenean, ekitaldiko sarrerak eta gastuak zehaztu behar dira, kategoria eta proiektuen arabera bereizita, bai eta merkataritza-entitateetan duten partaidetza portzentajea ere.

Aplikaziozko kontabilitate araudiari jarraituaz urtean behin txostena egitera behartuta dauden entitateek zenbaki honetan aipatutako informazioa jaso beharko dute txosten horretan.

Arau bidez, txosten ekonomiko horren edukia, aurkezpen epea eta organo jasotzailea jasoko dira.

6. artikulua.Zerga helbidea.

Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga helbidea eta sozietate helbidea bat etorriko dira, baldin eta azken horretan entitatearen administrazio kudeaketa eta zuzendaritza benetan zentralizatuta badaude. Bestela gertatuz gero, kudeaketa edo zuzendaritza horien tokia izango da zerga helbidea.

Aurreko irizpideen arabera ezin denean zehaztu zerga helbidea non den, entitateek zerga helbidea Gipuzkoan dutela ulertu beharko da, baldin ibilgetuaren baliorik handiena Euskal Autonomia Erkidegoan edukirik, Gipuzkoan ibilgetuaren balio handiagoa badute beste bi lurralde historikoetako bakoitzean dutena baino.

II. KAPITULUA.SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

7. artikulua.Aplikaziozko araudia.

Kapitulu honetan jasota ez dauden arloetan, Sozietate Zergaren araudia aplikatuko zaie irabazi asmorik gabeko entitateei.

8. artikulua.Errenta salbuetsiak.

Sozietateen gaineko Zergatik salbuetsita daude foru arau honetan aipatzen diren irabazi asmorik gabeko entitateen honelako errentak:

1.Ondoko sarreretatik datozenak:

a)Entitatearen xedeetan laguntzeko eratzean edo geroago jasotako emariak, barne sartuta ondare-hornidura gisa egindako ekarpen edo dohaintzak, bai eta foru arau honek 26. artikuluan araututako kolaborazio enpresarialeko hitzarmenei esker eta Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1998 Lege Orokorrak aipatutako babes publizitarioko kontratuei esker jasotako diru laguntzak ere.

b)Bazkide, laguntzaile edo ongileek ordaindutako kuotak, baldin eta bat ez badatoz salbuetsi gabeko ustiapen ekonomiko batetik eratorritako prestazioa jasotzeko eskubidearekin.

c)Subentzioak, salbu salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoak finantzatzera zuzendutakoak.

2.Entitatearen ondare higikor eta higiezinetik datozen errentak, hala nola: Dibidenduak eta sozietateen mozkinetako partaidetzak, interesak, kanonak eta alokairuak.

3.Ondasun edo eskubideak edozein titulu bidez eskuratuz edo eskualdatuz lortu diren errentak, barne sartuta entitate bat deseginez eta likidatuz lortutakoak.

4.Ondorengo artikuluan aipatutako ustiapen ekonomiko salbuetsiak gauzatzean lortutako errentak.

5.Zerga araudiari jarraituaz, irabazi asmorik gabeko entitateei esleitu edo egotzi ahal zaizkien errentak, baldin eta artikulu honen aurreko apartatuetako batean sartutaoerrenta salbuetsietatik badatoz.

9. artikulua.Ustiapen ekonomiko salbuetsiak.

Sozietate Zergatik salbuetsita daude irabazi asmorik gabeko entitateek ondorengo ustiapen ekonomikoetatik lortzen dituzten errentak:

1.Entitatearen berariazko xedea betetzeko gauzatzen diren ustiapen ekonomikoetatik lortutako errentak.

2.Salbuetsitako ustiapen ekonomikoen, edo irabazi asmorik gabeko entitatearen helburu estatutarioak edo xedea betetzeko jardueren, lagungarri edo osagarri diren ustiapen ekonomikoetatik datozen errentak.

Ustiapen ekonomikoan ez dira lagungarri edo osagarri soilak direla joko, horrelako ustiapenen eragiketa bolumena, guztira, entitatearen eragiketa bolumen osoaren %25 baino gehiago baldin bada, dagokion zerga ekitaldian.

3.Garrantzi txikiko ustiapen ekonomikoetatik datozen errentak. Horrelakotzat hartuko dira gehienera 30.000 euroko eragiketa bolumena dutenak ekitaldian.

10. artikulua.Oinarri ezargarria zehaztea.

1.Irabazi asmorik gabeko entitateen Sozietateen gaineko Zergaren oinarri ezargarrian, salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoetatik etorritako errentak bakarrik sartuko dira.

2.Ez dira gastu kengarritzat hartuko, Sozietateen gaineko Zergaren arautegi orokorrak ezarritakoez gainera, honako hauek:

a)Errenta salbuetsiei soilik egoztekoak diren gastuak.

Zati batean salbuetsi gabeko errentei egoztekoak diren gastuak neurri honetan izango dira kengarriak, zehazki: Entitatearen eragiketa bolumen osoaren aldean salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoen ekitaldiko eragiketa bolumenak egiten duen portzentaiaren neurrian.

b)Kargapeko ustiapen ekonomikoei atxikiak ez diren ondare elementuen amortizaziorako erabilitako diru kopuruak.

Zati batean salbuetsitako jarduerei atxikitako ondare elementuen kasuan, amortizazioan erabilitako diru kopuruak ez dira kengarriak izango, zehazki, ondare elementua jarduera horri atxikita dagoen portzentaiaren neurrian.

c)Salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoen emaitzen eta, bereziki, soberakinen aplikazio diren diru kopuruak.

11. artikulua.Balorazio arauak.

Irabazi asmorik gabeko entitate bat desegitean geratutako ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak, irabazi asmorik gabeko beste entitate bati eskualdatzen zaizkionean, foru arau honetako 5. artikuluko 5. zenbakian aurreikusitakoa aplikatuz, zerga ondorioei dagokienez, entitate hartzaileari baloratuko zaizkio, desegindako entitatean eskualdaketa egin baino lehen zeuzkaten balio berekin, eta eskuratze datak ere desegindako entitatean zituztenak gordeko dira.

12. artikulua.Karga tasa.

Salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoetatik lortutako errentei dagokien oinarri ezargarri positiboari % 10eko karga tasa ezarriko zaio.

13. artikulua.Kontabilitate obligazioak.

Irabazi asmorik gabeko entitateek Sozietate Zergatik salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoetatik errentak lortzen dituztenean, Sozietate Zergaren arauetan aurreikusitako kontabilitate obligazioak izango dituzte. Entitate horien kontabilitatea eramateko moduak bide eman behar du salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoei dagozkien sarrerak eta gastuak zein diren identifikatzeko.

14. artikulua.Atxikipenari lotu gabeko errentak.

Foru arau honen indarrez salbuetsiak diren errentak ez daude ez atxikipenari ez konturako sarrerari lotuta. Erregelamendu bidez zehaztuko da irabazi asmorik gabeko entitateek izango duten egiaztatze prozedura, atxikitzeko obligaziotik kanpo geratzeko ondorioetarako.

15. artikulua.Aitortzeko obligazioa.

Titulu honetan ezarritako zerga erregimena aukeratzen duten entitateek, beren errenta guztiak, salbuetsiak eta salbuetsi gabeak, Sozietateen gaineko Zergan aitortzeko obligazioa dute.

16. artikulua.Zerga erregimen berezia aplikatzea.

1.Erregelamendu bidez ezarriko da noiz eta nola sartu ahal izango diren irabazi asmorik gabeko entitateak titulu honetan ezarritako zerga erregimen berezian.

Behin aukera hori gauzatutakoan, entitatea erregimen horri lotuta geratuko da hurrengo zerga ekitaldietan ere, foru arau honetako 5. artikuluan ezarrita dauden betebeharrak betetzen dituen eta erregimen horri uko egiten ez dion bitartean; uko egitekotan, nolanahi ere, erregelamenduz ezarriko den eran egin beharko du.

2.Zerga erregimen berezia aplika dakion, entitateak bete egin behar ditu horretarako dauden betebehar eta errealitate baldintzak, eta frogatu ere egin beharko ditu.

3.Entitateak foru arau honetako 5. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, bete ez dituen ekitaldiari, Sozietateen gaineko Zergan, udal zergetan eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, dagozkion kuota guztiak ordaintzeko obligazioa izango du, zerga horien araudien arabera, baita bidezko diren berandutza interesak ere.

Apartatu honetan ezarritako obligazioa, emaitzak eta sarrerak behar bezala aplikatu ez zireneko ekitaldiko kuotei buruzkoa izango da, baldin bete gabeko betebeharra foru arau honetako 5. artikuluko 1. zenbakian ezarritakoa bada, eta, aplikatu ez zireneko ekitaldiko kuotei eta horren aurreko lau ekitaldietakoei buruzkoa izango da, baldin bete ez dena artikulu horretako 5. zenbakian ezarritako betebeharra bada. Horretaz gainera, bidezko diren zigorrak ezarri ahal izango zaizkio.

III. KAPITULUA.UDAL ZERGAK

17. artikulua.Udal zergak.

1.Ondasun Higiezinen gaineko Zergatik salbuetsita geratuko dira, zerga horren arautegian aurreikusitako moduan irabazi asmorik gabeko entitateenak diren ondasunak; ez dira salbuetsita geratuko, halere, Sozietateen gaineko Zergatik salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoei atxikitako ondasunak.

2.Irabazi asmorik gabeko entitateak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik salbuetsita geratuko dira, foru arau honetako 9. artikuluan aipatzen diren ustiapen ekonomikoei dagokienez. Hala eta guztiz ere, entitate horiek behartuta daude zerga horren matrikulan alta deklarazioa eta, jarduerari utziz gero, baja deklarazioa aurkeztera.

3.Lurzoru Hiritarren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira izaera horretako balio gehikuntzak, baldin zerga hori ordaintzeko obligazioa, legez, irabazi asmorik gabeko entitate bati badagokio.

Irabazi asmorik gabeko entitate batek lurren eskualdaketa bat, edo horien gaineko jabaria mugatzen duten gozamenezko eskubide errealen eraketa edo eskualdaketaren bat, ordain truke eginez gero, aipatutako zerga horretatik salbuetsita geratuko da, baldin eta lur horiek betetzen badituzte Ondasun Higiezinen gaineko Zergatik salbuetsita geratzeko ezarritako betebeharrak.

4.Artikulu honetan aurreikusita dauden salbuespenak aplikatzeko, beharrezkoa izango da irabazi asmorik gabeko entitateak jakinaraztea dagokion zerga administrazioari, eskumena duen udalari, edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari, aurreko artikuluko 1. apartatuan arautu den aukera gauzatu duela, baita betetzea ere titulu honetan arautu den zerga erregimen bereziko betebeharrak eta baldintzak.

5.Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu eragozten udal ogasunei buruzko foru arautegian eta udal zergak banaka erregulatzen dituzten foru arauetan aurreikusitako salbuespenak.

III. TITULUA

MEZENASGOAREN ALDEKO ZERGA PIZGARRIAK

I. KAPITULUA.ENTITATE ONURADUNAK

18. artikulua.Mezenasgoaren onuradun diren entitateak.

Titulu honetan aurreikusten diren zerga pizgarriak hemen ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten emaitza, dohaintza eta ekarpenei aplikatuko zaizkie, berorien hartzaile segidan azalduko diren entitateak badira:

a)Foru arau honetako II. tituluan ezarritzako zerga erregimena aplika dakiekeen irabazi asmorik gabeko entitateak.

b)Gipuzkoako Foru Aldundia, beste foru aldundiak, Estatua, autonomia erkidegoak, toki erakundeak, eta aipatu diren administrazioen organismo autonomo eta antzeko entitate autonomoak.

c)Unibertsitateak eta haien zentro atxikiak.

d)Euskaltzaindia, Espainiaren Institutua eta haren barneko erret akademiak, eta berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan Euskaltzaindiaren antzeko helburuak dituzten instituzioak.

e)Cervantes Institutua, Ramon LLull Institutua, eta berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan horien antzeko helburuak dituzten instituzioak.

f)Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea.

g)Espainiako Batzorde Olinpikoa eta Espainiako Batzorde Paralinpikoa.

h)Espainiako Gurutze Gorria eta ONCE (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala).

II. KAPITULUA.DOHAINTZA ETA EKARPENEN ZERGA ERREGIMENA

19. artikulua.Emaitza, dohaintza eta ekarpen kengarriak.

1.Titulu honetan aurreikusitako kenkariak egiteko eskubidea emango dute hurrengo dohain, dohaintza eta ekarpen ezeztaezin, puru eta bakunek, eta baita aurreko artikuluan aipatutako erakundeen alde egindako zerbitzuen doaneko prestazioak:

a)Dirutan, ondasunetan edo eskubidetan egindako emaitza eta dohaintzak.

b)Elkarteetako kide kuotak, ez orain ez gero prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez badagokie.

c)Ondasun, eskubide eta balioen gaineko gozamen eskubide erreala eratzea, ordainik hartu gabe egiten bada.

d)Ondasunak ematea edo dohaintza egitea, baldin ondasun horiek, edo Euskal Kultur Ondareari buruzko 1990eko uztailaren 3ko 7/90 Legean aipatutako Kultur Ondare Kalifikatuen Erregistroan inskribatuta edo Inbentario Orokorrean sartuta baldin badaude, edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko 1985eko ekainaren 25eko 16/85 Legean aipatutako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean inskribatuta edo Inbentario Orokorrean sartuta baldin badaude, edota beste autonomia erkidegoetan, haietako araudietan ezarritakoaren arabera deklaratuta edo inskribatuta dauden kultur ondasunak baldin badira.

e)Kalitate bermatuko kultur ondasunen emaitza edo dohaintza egitea, baldin entitate hartzailearen xedeetan museo jarduerak egitea eta ondare historiko-artistikoa sustatzea eta zabalkundea egitea badago.

f)Sozietateen gaineko Zergari eta Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokienez, jarduera egitean kokapen iraunkorra daukaten eta subjektu pasiboak diren pertsonek emandako doaneko zerbitzuak, Foru Arau honetako 22. eta 23. artikuluetan ezarritakoaren berariazko eraginetarako.

2.Dohaintza baliogabetzen bada Kode Zibilean aurreikusitako suposizioren bat kausa dela, dohaintza emaileak aplikatutako kenkariei dagozkien kuotak sartu beharko ditu baliogabetzea gertatutako zergaldian, baita, agian, legozkiokeen berandutza interesak ere.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da kide batek elkartetik bere borondatez alde egin eta ondare partaidetza bat jasotzen duenean, kide kuota arruntez aparte egin izandako ekarpenengatik.

20. artikulua.Emaitza, dohaintza eta ekarpenengatik egin daitezkeen kenkarien oinarria.

1.18. artikuluan adierazitako erakundeen alde, ematen diren dohaintzak, dohainak, ekarpenak eta zerbitzuen doaneko prestazioak egiteagatiko kenkarien oinarria hau izango da:

a)Emaitza dirutan eginez gero, haren zenbatekoa.

b)Emaitza edo dohaintza ondasun edo eskubidetan eginez gero, haien eskualdaketaren garaiko kontabilitate balioa, eta, horrelakorik izan ezean, Ondarearen gaineko Zergaren arauen arabera kalkulatzen zaion balioa.

c)Ondasun higiezinen gaineko gozamen eskubide erreala eratuz gero, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean, balio katastralaren %2a aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa, zergaldi bakoitzean zergaldi horretako egun kopuruari dagokion proportzioan.

d)Balioen gaineko gozamen eskubide erreala eratuz gero, gozamenak irauten duen zergaldi bakoitzean, gozamendunak jasotako dibidendu edo interesen urteko zenbatekoa.

e)Bestelako ondasun eta eskubideen gaineko gozamen eskubide erreala eratuz gero, eraketa egindako garaian Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren arauei jarraituz kalkulatutako gozamenaren balioari ekitaldi bakoitzean diruaren legezko interesa aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa.

f)Euskal Kultur Ondarearen parte diren ondasunak eman edo dohaintza eginez gero, Eusko Jaurlaritzak zenbatetsitako balioa; Espainiako Ondare Historikoaren parte diren ondasunak eman edo dohaintza eginez gero, Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak zenbatetsitako balioa; eta beste autonomia erkidegoetako Ondare Historikoaren parte diren ondasunak eman edo dohaintza eginez gero, haietako organo eskudunek zenbatetsitako balioa.

Aurreko paragrafoan aipatutako organoek egindako balio zenbatespenik izan ezean, Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbatetsiko du balioa.

g)Kalitate bermatuko artelanak eman edo dohaintza eginez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbatetsitako balioa. Aldundiak aztertuko du artelanak behar adinako kalitaterik baduen ere.

h)Zerbitzuen doaneko prestazioetan, zerbitzuen prestazioaren kostua, bere kasuan barne dagoelarik lagatako ondasunen amortizazioa.

2.Aurreko apartatuan xedatu bezala zenbatetsitako balioa, ezingo da izan, nolanahi ere, eskualdatutako ondasunak edo eskubideak eskualdaketaren garaian merkatuan duen ohiko balioa baino handiagoa.

21. artikulua.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako kuotaren kenkaria.

1.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek eskubide izango dute kuota osotik foru arau honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako kenkari oinarriaren % 30 kentzeko, aipatu artikuluaren h) letran xedatutakoa izan ezik.

2.Kenkari horren oinarriak ezingo du izan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen 1998ko abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauko 61. eta 62. artikuluetan aurreikusitako murrizketak egin ondoren ateratako oinarri ezargarriaren %30 baino handiagoa. Aplikagarria izango da, era berean, arestian aipatutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen 8/1998 Foru Arauko 87. artikulua.

22. artikulua.Sozietateen gaineko Zergaren oinarri ezargarria zehazteko dohaintzak kentzea.

Sozietateen gaineko Zergaren oinarri ezargarria zehazteko eraginetarako, partida kengarria izango da dohain, dohaintza, ekarpen eta zerbitzuen doaneko prestazioen zenbatekoa, horiek guztiak Foru Arau honetako 20. artikuluan adierazitakoaren arabera baloratuta.

23. artikulua.Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergako kuotaren kenkaria.

1.Establezimendu iraunkorrik gabe diharduten Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergako zergadunek, eskubide izango dute kuota osotik foru arau honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako kenkari oinarriaren %25 kentzeko, emaitza, dohaintza edo ekarpena egindako datatik hasi eta urte beteko epean gertatutako zerga-gaiengatik aurkezten dituzten zerga horren aitorpenetan.

Kenkari horren oinarriak ezingo du izan epe horretan aurkeztutako aitorpen guztien baterako oinarri ezargarriaren %10 baino handiagoa.

2.Establezimendu iraunkor baten bitartez diharduten Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergako zergadunek foru arau honetako aurreko artikuluan ezarritako kenkaria aplika dezakete.

24. artikulua.Emaitza, dohaintza eta ekarpenetatik etorritako errentak salbuestea.

1.Foru arau honen 19. artikuluko mintzagai diren emaitza, dohaintza edo ekarpenen bat egitean azaleratzen diren ondare irabazi eta errenta positiboak salbuetsita egongo dira egilearen errentari ezartzen zaizkion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, Sozietateen gainekoan eta Ez-Egoiliarren Errentaren gainekoan.

2.Foru arau honen 19. artikuluko mintzagai diren emaitza, dohaintza edo ekarpenen bat egitean, lurren eskualdaketa edo horien gaineko jabaria mugatzen duten gozamenezko eskubide errealen eraketa edo eskualdaketa dela-eta azaleratzen diren gehikuntzak salbuetsita egongo dira Lurzoru Hiritarren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergan.

25. artikulua.Emaitza, dohaintza eta ekarpen kengarriak egiaztatzea.

1.Emaitza, dohaintza eta ekarpen kengarriak benetan egin direla egiaztatzea, entitate onuradunaren egiaztagiri bidez egingo da, erregelamenduz ezarriko diren betebeharrak beterik.

2.Entitate onuradunak emandako egiaztagiriei buruzko informazioa Zerga Administrazioari bidali behar dio, erregelamenduz ezarriko diren moduan eta epeetan.

3.Aurreko apartatuetan aipatutako egiaztagirian puntu hauek agertu behar dute, gutxienez:

a)Dohaintza emaile eta dohaintza hartzaile diren pertsonaren eta entitatearen identifikazio fiskaleko zenbaki eta identifikazio datuak.

b)Entitate dohaintza-hartzailea foru arau honetako 18. artikuluan aipatu diren entitateen artean dagoela dioen berariazko adierazpena.

c)Emaitzaren data eta zenbatekoa, dirutan egina bada.

d)Emaitza dirutan egina ez bada, ondasuna ematea benetan gauzatu dela egiaztatzen duen dokumentu publikoa edo bestelako dokumentu kauto bat.

e)Entitate dohaintza-hartzaileak, bere xede espezifikoa betetze aldera, eman zaion objektua zertan erabiliko duen argitzeko azalpena.

f)Dohaintza ezeztaezina dela dioen berariazko adierazpena, nahiz horrek ez eragotzi dohaintzak ezeztatzeari buruzko aginduzko arauetan ezarritakorik.

III. KAPITULUA.BESTE MEZENASGO ERA BATZUEN ZERGA ERREGIMENA

26. artikulua.Enpresek onura orokorreko jardueretan laguntzeko lankidetza hitzarmenak.

1.Foru arau honetan aurreikusten diren ondorioetarako, enpresa batek onura orokorreko jardueretan laguntzeko lankidetza hitzarmena egina duela onartuko da, baldin 18. artikuluan aipatutako entitateren batek enpresa laguntzailearen parte hartzea edozein bidetatik dela ere zabaltzeko konpromisoa idatziz hartu badu, bere xede espezifikoa betetzeko egiten dituen jardueretarako hartutako laguntza ekonomikoaren ordainetan.

Artikulu honetan definitu diren lankidetza hitzarmenen esparruan laguntzailearen parte hartzearen zabalkundea egitea ez da zerbitzu emate bat.

2.Ordaindutako diru kopuru edo egindako gastuak gastu kengarritzat hartuko dira, Sozietateen gaineko Zergan entitate laguntzailearen oinarri ezargarria kalkulatzean, Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergan establezimendu iraunkor baten bitartez diharduten zergadunen oinarri ezargarria kalkulatzean, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zuzeneko zenbatespenaren metodoa erabili ohi duten zergadunen jarduera ekonomikoaren etekin garbia kalkulatzean.

3.Lankidetza hitzarmen horiek betetzeko ordaindutako diru kopuruei aplika dakiekeen zerga erregimena bateraezina da foru arau honetan aurreikusitako beste zerga pizgarriekin.

27. artikulua.Onura orokorreko jardueretarako gastuak.

1.Onura orokorreko xedeetarako egindako gastuak gastu kengarritzat hartuko dira, Sozietateen gaineko Zergan oinarri ezargarria kalkulatzean, Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergan establezimendu iraunkor baten bitartez diharduten zergadunen oinarri ezargarria kalkulatzean, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zuzeneko zenbatespenaren metodoa erabili ohi duten zergadunen jarduera ekonomikoaren etekin garbia kalkulatzean.

2.Aurreko apartatuan aipatu den modura onura orokorreko xedeetarako egindako gastuak gastu kengarritzat hartzea, bateraezina da foru arau honetan aurreikusitako beste zerga pizgarriekin.

28. artikulua.Dohaintzan emateko artelanak eskuratzea.

1.Sozietateen gaineko Zergaren, establezimendu egonkorraren bitartez jarduten duten ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta, zuzeneko zenbatespen erregimena duten enpresari eta profesionalen kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarria zehazteko, kontu-sail kengarria izango da Foru Arau honetako III. Tituluko I. Atalean aipatzen diren erakundeei dohaintzan emateko erositako arte lanen erosketa balioa.

Arte lanez ulertuko dira, artikulu honen eraginetarako, Erantsitako Balioaren gaineko Zergari buruzko arauak definitutako antigoaleko eta bildumarako gauzak, histori edo arte balioa dutenak.

2.Kenkari horretaz baliatu ahal izateko, dohaintzan emateak honako betebehar eta baldintzak bete behar ditu:

a)Konpromisoa hartu, entitate dohaintza-hartzaileak dohaintza hartzea behin betiko onartzen duenez geroztik gehienez 5 urtekoa izango den aldi batean, ondasuna eskualdatzeko. Behin betiko onarpenerako nahitaezkoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eskudunak informea egitea, ondasuna artelantzat kalifikatzeko eta haren balioa zehazteko ondorioetarako. Informe hori egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, dohaintzaren eskaintza aurkezten denez geroztik.

Dohaintzan ematekoak diren artelanak Euskal Kultur Ondareari buruzko 1990eko uztailaren 3ko 7/90 Legean aipatutako Kultur Ondare Kalifikatuen Erregistroan inskribatuta edo Inbentario Orokorrean sartuta baldin badaude, aipatutako informea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eskatu beharko zaio. Artelanak 1985eko ekainaren 25eko 16/85 Legean aipatutako Ondare Historikokoak edo autonomia erkidegoren baten ondare historikokoak badira, informe hori kasuan kasuko organo eskudunari, dagozkien arau erregulatzaileen arabera, eskatu beharko zaio.

Behin entitate dohaintza-hartzaileak eskaini zaion dohaintza hartzea onartzen duenean, dohaintza ezeztaezina bihurtzen da, eta ondasuna ezin zaio beste inori eman.

b)Entitate edo pertsona dohaintza-emaileek ondasuna erositako egunaren ondorengo hilabetean eskaini behar dute dohaintza.

c)Ondasuna entitate dohaintza-hartzaileari behin-betiko eskualdatzen zaion arte pasatzen den denbora aldian, ondasunak eskuragarri egon behar du jendaurrean erakusteko eta ikerketarako, dohaintza emailearen eta hartzailearen arteko hitzarmenean zehaztutako baldintzetan.

d)Kenkari honetaz baliatuko diren pertsona edo entitateek ezingo dute prezio galeragatik dotaziorik egin, eskainitako dohaintzan sartuta dauden ondasunei dagokienez, goian aipatutako denbora aldi berean.

e)Entitatea likidatuz gero, artelanaren jabetza entitate dohaintza-hartzaileari esleituko zaio.

f)Foru Arau honetako II. Tituluan, I. Atalean azaldutako eskaintzetako bat egiten zaion erakundea dohaintza emailea denean, ezin izango diote pizgarri horri heldu erakundearen sortzaile, erakundeko kide, ugazaba, gerente, ezkontide ezta, maiatzaren 7ko 2/2003ko Legeak adierazitakoaren arabera, izatezko bikoteak direnek ere, edo horietako edozeinen laugarren mailarainoko senideek –laugarren maila barne–.

3.Kopuru kengarria, guztira, ondasuna eskuratzeko kostua adinakoa, edo Administrazioak finkatutako tasazio balioa adinakoa izango da, Administrazioarena hura baino txikiagoa izanez gero. Azken kasu horretan, entitateak ondasuna dohaintzan ematetik atzera egin dezake, komeni bazaio.

4.Kenkaria konpromisoko aldian zehar zati berdinetan egingo da, aurreko 2. apartatuko a) letran aurreikusitakoaren barnean, ekitaldi bakoitzeko gehieneko mugatzat honako portzentajea harturik: Hamar zenbakia aipatutako aldiko urte kopuruaren artean zatituta ateratzen dena. Muga hori oinarri ezargarriari buruzkoa izango da.

Enpresaburu eta profesionalen kasuan, muga hori kalkulatzeko, enpresa edo profesional jarduerak sortutako etekin garbiei dagokien oinarri ezargarriko zatia hartuko da kontuan.

5. Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria bateraezina izango da foru arau honen 21., 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako kenkariekin, ondasun berari dagokionez.

IV. KAPITULUA.LEHENTASUN AITORTUA DUTEN JARDUEREI ETA APARTEKO INTERES PUBLIKOA DUTEN GERTAKARIETAN LAGUNTZEKO PROGRAMEI APLIKATZEKOAK DIREN ZERGA PIZGARRIAK

29. artikulua.  Mezenasgorako lehentasunezko jarduerak.

1.Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekitaldi bakoitzerako, interes orokorreko xedeen esparruan mezenasgoari begira lehentasuna duten jardueren zerrenda bat egin ahal izango du, mezenasgoaren onura jasoko luketen entitateak eta jarduerek bete beharreko baldintza eta betebeharrak ere zehaztuta. Jarduera horiei honako zerga onurak aplikagarri izango zaizkie:

a)Lehentasunezkotzat aitortutako jardueretarako jarri diren kopuruak gastu kengarriak izango dira, Sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkorraren bitartez jarduten duten ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta, zuzeneko zenbatespen erregimena duten enpresari eta profesionalen kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarria zehazteko.

b)Sozietateen gaineko Zergari edo establezimendu iraunkorraren bitartez jarduten duten Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokienez, subjektu pasiboak direnek ezarpen bikoitzagatiko kenkarien zenbatekoan eta, kasua bada, hobarietan, kuota osoa gutxitzearen ondorioz geratutako kuota likidotik lehentasunezkotzat hartutako jardueretarako diren kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin ahal izango dute, baita publizitate babesa emateko kontratuen kasuan ere.

Kenkari horren ordena eta muga izango dira, ekitaldi bakoitzean, aktibo finko material berrietan inbertitzeagatik egindako kenkarirako ezarritako bera.

c)Zuzeneko zenbatespen erregimenean ekonomi jarduerak egiten dituzten eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez subjektu pasiboak direnek lehentasunezkotzat aitortutako jardueretarako diren kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin ahal izango dute kuota osotik; publizitate babeserako kontratuei jarraiki ordaindutako kopuruak barne daude.

d)Aurreko letran sartzen ez diren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek lehentasun aitortua duten jardueretan erabilitako diru kopuruen %30 kendu ahal izango dute kuota osotik.

Aurreko c) eta d) letretan aurreikusitako kenkariaren oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 1998ko abenduaren 24ko 8/98 Foru Arauan agertzen diren mezenasgo kenkarien baterako oinarrian sartuko da, foru arau horrek ezartzen dituen mugen ondorioetarako.

2.Kenkariak, lehentasun aitortuko jarduerak egiten direneko ekitaldiari aplikatu behar zaizkio.

3.  artikulu honetan aurreikusitako zerga onurak bateraezinak izango dira foru arau honen 21, 22, 23 eta 27. artikuluetan aurreikusitakoekin.

4.  artikulu honetan xedatutako zerga erregimenaz baliatzeko, subjektu pasiboak, dagokion zerga aitorpenarekin batera, agiri bat aurkeztu behar du, Gipuzkoako Foru Aldundian dagokion gaian eskua duen departamentuak emana, eta egiaztatzen duena kenkariaren arrazoi diren diru kopuruak ekitaldi horretan lehentasun aitortua duten jardueretarako erabili direla eta erregelamenduz eskatzen zaizkien betebeharrak betetzen dituztela.

30. artikulua.Aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programak.

1.Gipuzkoako Foru Aldundiak, salbuespenez, aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programak onartu ahal izango ditu.

2.Programa onartzen duen foru dekretuak, honako gaiak behintzat arautuko ditu:

a)Programaren iraupena zehaztuko du, hiru urterainokoa izan daitekeena.

b)Administrazio organo bat sortu beharko du, programa gauzatzeaz arduratua, eta hark ziurtatuko du egindako gastu eta inbertsioak helburu eta planekin ados daudela.

Organo horretan ordezkaritza izango dute, nahi eta nahi ez, gertakariarekin lotura duten administrazio publikoek eta, beti, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuak.

Ziurtagiria emateko, beharrezkoa izango da Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko ordezkariak aldeko botoa ematea.

c)Gertakarian laguntzeko antolatuko diren jarduketen lerro nagusiak azalduko ditu, nahiz eta, gero, dagokion administrazio organoak garatu ahal izango dituen planen eta ekintza espezifikoetako programen bitartez.

3.Programei honako zerga onurak aplikatu ahal izango zaizkie:

Lehena.Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren barnean jarduera ekonomikoetarako zuzeneko zenbatespenaren metodoa erabili ohi dutenek, eta establezimendu iraunkor baten bitartez diharduten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergako zergadunek, dagokion administrazio organoak zehaztutako plan eta ekintza programak betetzeko egindako gastu eta inbertsioen %15eko kenkaria egin ahal izango dute zergaren kuota likidoan, gastu edo inbertsioak honako xedeekin eginak izan badira:

a)Ibilgetu materialaren elementu berriak eskuratzeko; nolanahi ere, lurrak horietan sartzen ez direla.

Ez dira joko dagokion administrazio organoak zehaztutako plan eta ekintza programak betetzeko egindako gastu eta inbertsiotzat, telekomunikazio edo elektrizitate zerbitzuen sareak jartzeko edo handitzeko egindako inbertsioak, ezta ur, gas eta abarren hornidurarako egindakoak ere.

b)Eraikinak eta antzekoak birgaitzeko, dagokion programari atxikitako espazio fisikoa edertzeko mesedegarria bada.

Lan horietan, etxebizitza gaietako jarduketa babestuak finantzatzeari buruzko arautegiak ezarritako betebeharrak bete beharko dira, baita programarekin lotura duten udalek eta lanak antolatzeko eta gauzatzeko ardura duen administrazio organoak ezar ditzaketen arkitektura eta hirigintza arauak ere.

c)Urte anitzeko proiekzioa duten propaganda eta publizitate gastuak, zuzenean gertakaria sustatzeko direnak.

Publizitate euskarriaren edukia funtsean gertakariaren zabalkundea egiteko denean, egindako inbertsioaren kopuru osoa izango da kenkariaren oinarri. Bestela, kenkariaren oinarria inbertsioaren %25 izango da.

Kenkari hori, gehi Sozietateen gaineko Zergaren 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauko VII. tituluko IV., V. eta VI. kapituluetan araututako kenkariak –40., 44. eta 45. artikuluetan aurreikusitakoak kanpo– batuta ateratzen den emaitza, ezingo da izan kuota likidoaren %45 baino handiagoa, eta bateraezina izango da Sozietateen gaineko Zergaren 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauan aurreikusitakoarekin, ondasun edo gastu berari dagokionez.

Bigarrena.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako zergadunek, Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek, eta establezimendu iraunkor baten bitartez diharduten Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergako zergadunek, aurreko apartatuan ezarri bezala sortutako organoaren alde (halakorik balego)dohaintza edo ekarpenik eginez gero, eskubidea izango dute, horiengatik, foru arau honetako 21, 22 eta 23. artikuluetan aurreikusitako kenkariak egiteko.

Aurreko artikuluan aurreikusitako lehentasunezko mezenasgoaren erregimena gertakariarekin lotura duten programa eta jarduerei aplikatu ahal izango zaie, baldin gertakaria gauzatzeko ardura duen administrazio organoak onartu baditu, eta foru arau honetako 4. artikuluan aipatu diren entitateek edo organo horrek eginak badira.

Hirugarrena.Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari atxikitako eskualdaketek kuotaren %95eko hobaria izango dute, baldin subjektu pasiboak apartatu honetako lehen puntuan aipatzen den kenkarirako eskubidea ematen duten inbertsioetan erabiltzen baditu eskuratutako ondasun eta eskubideak, zuzenean eta beste xederik gabe.

Laugarrena.Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren subjektu pasiboek %95eko hobaria izango dute arte, kultur, zientzi edo kirol ekintzei dagozkien kuota eta errekarguetan, ekintza horiek gertakaria ospatzerakoan egitekoak badira eta dagokion administrazio organoak prestatutako plan eta ekintza programetan sartzen badira.

Bosgarrena.Dagokion programaren helburuak aurrera eramaten dituzten enpresa edo entitateek %95eko hobaria izango dute programa hori aurrera eramateko egindako eragiketek (ez beste ezerk) lekarzkiekeen udal zerga eta tasa guztietan.

4.Zerga Administrazioak egiaztatuko du ea zerga hobariak aplikatzeko beharrezkoak diren egoera edo betebehar guztiak gertatzen edo betetzen diren, eta, behar izanez gero, bidezko erregularizazioa egingo du.

5.Foru dekretuak ezarriko du aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programetarako aurreikusi diren zerga onurak aplikatzeko prozedura.

31. artikulua.Elkarrekikotasuna.

Lehentasunezko jardueretarako eta aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programetarako aurreko bi artikuluetan aurreikusi diren zerga onurak, Estatuko eta beste foru lurraldeetako organo eskudunek aitorpen berdina egiten dieten jarduerei eta programei ere aplikatzekoak izango dira, baldin, haiek onartua duten arautegian beste hainbeste egiten bada Gipuzkoako Foru Aldundian onartutako jarduera eta programekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 1998ko abenduaren 24ko 8/98 Foru Araua aldatzea.

1.Aldatu egin da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 1998ko abenduaren 24ko 8/98 Foru Arauaren 80. artikulua, eta honela geratu da idatzita:

«80. artikulua.Kenkariak mezenasgo jarduerengatik.

Zergadunek, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko foru arauetan zerga honetarako aurreikusitako kenkariak aplikatu ahal izango dituzte.

Artikulu honetan jasotzen den kenkariaren oinarria ezingo da foru arau honetako 61. eta 62. artikuluetan jasotzen diren murrizpenak aplikatu ondoren ateratzen den oinarri ezargarriaren 100eko 30etik gorakoa izan».

Bigarrena.Sozietateen gaineko Zergari buruzko 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Araua aldatzea.

1.Aldatu egin da Sozietateen gaineko Zergari buruzko 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauaren 29. artikuluko 2. apartatuko e) letra, eta honela geratu da idatzita:

«e)Irabazi asmorik gabeko entitateak, baldin eta ez badagokie irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko foru arauan ezarritako zerga erregimena».

2.Aldatu egin da Sozietateen gaineko Zergari buruzko 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauaren 29. artikuluko 4. apartatua, eta honela geratu da idatzita:

«4.100eko 10eko zerga ordainduko dute, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko foru arauan ezarritako zerga erregimena dagokien entitateek».

3.Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauan, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoan, 38. artikuluaren idazpurua eta aipatutako artikuluaren 1. puntua aldatu dira, eta era honetan idatzita geratu dira:

«38. artikulua.Kultur Ondarea babesteko eta hedatzeko jarduketengatiko kenkariak; halaber, zinemagintzan eta liburuen argitalpenetan inbertitzeagatiko kenkaria.

1.Sozietateen gaineko Zergari dagokionez subjektu pasiboak direnek hurrengo jardueretarako egiten dituzten inbertsio edo gastuen kuota likidoan 100eko 15eko kenkaria egin ahal izango dute:

a)Euskal Kultur Ondarearen ondasunak edo Espainiako Ondare Historikoaren edo beste komunitate autonomo bateko ondarearen ondasunak erosteko, erosketa Espainiako lurraldetik kanpo egindakoa eta aipatutako lurraldean sartzeko denean, baldin eta ondasunak lurralde horretan, eta titularraren ondarearen barruan, hiru urtetan gutxienez mantentzen badira.

Kenkari horren oinarria izango da Irabazi Asmorik gabeko Erakundeen Zerga Erregimen eta Mezenasgoari emandako Zerga Pizgarriei buruzko Foru Arauak, 20. artikuluaren 1. atalean, f) letran ezarritakoari jarraiki egindako balorazioa.

b)uztailaren 3ko 7/1999 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak eta ekainaren 25eko 16/1985 Legeak, Espainiako Ondare Historikoari buruzkoak, edo komunitate autonomoetako araudiak zehaztutakoaren arabera –betiere, aipatutako araudian ezarritako eskakizunak betetzen baldin badira–, kultur interesa dutela aitortutako bere jabetzako ondasunak zaintzeko, konpontzeko, zaharberritzeko, hedatzeko eta erakusteko.

c)Eraikinak birgaitzeko, teilatu eta fatxadak mantentzeko eta konpontzeko, eta bere jabetzakoak diren eta hiri edo arkitektura, arkeologi, natur edo paisaia guneetako babesgarriak diren edo Espainian dauden eta UNESCOk Munduaren Ondasun aitortutako azpiegiturak hobetzeko».

4.Aldatu egin da Sozietateen gaineko Zergari buruzko 1996ko uztailaren 4ko 7/96 Foru Arauaren 117. artikuluko a)letra, eta honela geratu da idatzita:

«a)Irabazi asmorik gabeko entitate eta instituzioak, baldin eta irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenaz eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriez baliatzeko beharkizunak betetzen ez badituzte».

5.Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, 118. artikuluan adierazitakoa aldatu egin da, honela idatzita geratu delarik:

«118. artikulua.Salbuetsitako zergak.

1.Aurreko artikuluan aipatutako erakundeek lortutako hurrengo errentak egongo dira salbuetsita:

a)Haien objektu soziala edo berariazko helburua diren jarduerak egitetik sortutakoak.

b)Dohainik egindako erosketa eta lekualdaketetatik sortutakoak, baldin eta erosketak eta lekualdaketak berariazko xede edo helburua erdiesteko egiten edo lortzen badira.

c)Berariazko xede edo helburua egiteari atxikitako ondasunen lekualdaketak ordain-trukez egiten direnean agerian jartzen direnak, lortutako kopuru osoa aipatutako berariazko xede edo helburuarekin lotutako inbertsio berriak egiteko denean.

Inbertsio berriak ondarearen elementua ematen edo eskura jartzen den dataren aurreko urtearen eta hurrengo hiru urteen arteko epearen barruan egingo dira, eta erakundearen ondarearen barruan mantenduko dira zazpi urtez; horretarako salbuespena izango da, Foru Arau honetako 11. artikuluan, 2., 3., 5. eta 6. puntuetan onartutakoen artean ezartzen den amortizazio metodoari jarraiki, bere bizitza erabilgarria txikiagoa denean.

Inbertsio berria egin dela ulertuko da, inbertsioa gauzatzen den ondare elementuak eskura jartzen diren datan.

Inbertsioa aipatutako epearen barruan egiten ez baldin bada, lortutako errentari dagokion kuota osoaren zatia sartu egingo da, berandutzako interesez gain, epea amaitu zen zergaldi ezargarriari dagokion kuotarekin batera.

Aipatutako elementuak finkatutako epea amaitu aurretik eskualdatzeak adieraziko du zergapetu gabeko zatiaren oinarri ezargarrian sartzea, baldin eta lortutako zenbatekoa berriro inbertitzen ez bada.

2.Aurreko puntuan adierazitako salbuespena ez da zabalduko ekonomi ustiapenen etekinetara, ez ondaretik sortutako errentetara, ez eta bertan adierazitakoak ez diren eskualdaketetan lortutako errentetara ere.

3.Ekonomi ustiapenaren etekinak izango dira, lan pertsonaletik eta horrekin batera kapitaletik, edo alderdi horietako bakar batetik, sortuak izanik, subjektu pasiboaren aldetik ekoizpen bitartekoak eta giza baliabideak edo horietako bat bere konturako agintzen direnean, ondasun edo zerbitzuen produkzioan edo banaketan parte hartzeko asmotan».

6.Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoak, 119. artikuluan adierazitakoa aldatzen da, eta era honetan idatzita geratzen da:

«119. artikulua.Oinarri ezargarria zehaztea.

1. oinarri ezargarria zehaztuko da Foru Arau honetako IV. Tituluan aurreikusitako arauen arabera.

2.Foru Arau honetan, 14. artikuluan adierazitakoez gain, hurrengo gastuak ez dira fiskaltasunari dagokionez kenkaridunak izango:

a)Salbuetsitako errentei bakarrik egotzitako gastuak. Salbuetsitako errentei zati batean egotzi dakizkiekeen gastuak kenkaridunak izango dira salbuetsita ez dauden ekonomi ustiapenak egitean lortutako eragiketa bolumenak duen portzentajean, erakundearen eragiketa bolumen osoari dagokionez.

b)Emaitzak ezartzeko kopuruak, eta zehazki, aurreko artikuluan, 1. puntuaren a) paragrafoan adierazitako salbuetsitako jarduerak mantentzera bideratutakoak».

7.Aldatu egin da Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 123. artikuluko 1. apartatua, eta honela geratu da idatzita:

«1.  Zerga honen subjektu pasiboek Merkataritza Kodearen arabera edo beren arauetan ezarritakoari jarraiki eraman beharko dute beren kontabilitatea.

Edozein eratara, foru arau honetako VIII. tituluko XV. kapituluan adierazten diren subjektu pasiboek, salbuetsi gabeko errentei eta ustiapen ekonomikoei dagozkien sarrerak eta gastuak identifikatzeko moduan egingo dute beren kontabilitatea.

Hirugarrena.Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko 1987ko abenduaren 30eko 18/87 Foru Araua aldatzea.

Aldatu egin da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko 1987ko abenduaren 30eko 18/87 Foru Arauko 41. artikuluko 1. apartatuko A)letra, eta honela geratu da idatzita:

«A)Ondoko hauek daude zergatik salbuetsita:

a)Estatua eta lurralde nahiz erakundetako herri administrazioak eta horien ongintza, kultura, gizarte segurantza, irakaskuntza eta helburu zientifikoduneko ezarpenak.

b)Irabazi Asmorik Gabeko Entitateen Zerga Erregimenari eta Mezenasgoaren Aldeko Zerga Pizgarriei buruzko Foru Arauko 4. artikuluan adierazten diren eta foru arau bereko 16. artikuluan aurreikusitako eran zerga erregimen berezian sartzen diren irabazi asmorik gabeko entitateak.

c)Aurrezki kutxak, zuzenean beren gizarte ekintzarako egindako erosketengatik.

d)Eliza Katolikoa eta Espainiar Estatuarekin lankidetza hitzarmenak sinatu dituzten beste eliza, fede eta komunitate erlijiosoak.

e)Euskaltzaindia, Espainiako Institutua eta haren barneko erret akademiak eta Euskaltzaindiaren antzeko helburuak dituzten autonomia erkidegoetako instituzioak.

h)Espainiako Gurutze Gorria eta ONCE (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala)».

Laugarrena.Euskaltzaindia, Espainiako Institutua eta errege akademiak.

Foru Arau honetako 17. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie Euskaltzaindiari, Espainiaren Institutuari eta haren barneko erret akademiei, eta berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan Euskaltzaindiaren antzeko helburuak dituzten instituzioei.

Bosgarrena.Espainiako Gurutze Gorria eta ONCE (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala).

Foru Arau honetako 17. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie Espainiako Gurutze Gorriari eta ONCEri (Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalari).

Seigarrena.Entitate erlijiosoetako fundazioak.

Foru arau honetan xedatutakoak ez ditu baldintzatzen ez Eliza Katolikoarekin egindako akordioak, ez eliza, fede eta komunitate erlijiosoekin Estatuak sinatutako lankidetzako akordio eta hitzarmenak, eta ezta entitate horien fundazioentzat emandako aplikazio arauak ere, horiek guztiek hautua egin baitezakete foru arau honetako 7. artikulutik 26.era ezarritako zerga erregimenaren alde, baldin eta Entitate Erlijiosoen Erregistroan izena emanda daudela egiaztatzen badute eta foru arau honetako 5. artikuluko 4. zenbakian ezarritako baldintza betetzen badute.

Zazpigarrena.Eliza Katolikoaren eta beste eliza, fede eta komunitate erlijiosoen zerga erregimena.

1.Aurreko xedapen gehigarrian aipatzen diren akordioetan erabakitakoa mantentzen bada ere, foru arau honetako 7. artikulutik 17.era bitartekoetan aurreikusitako erregimena aplikatuko zaie Eliza Katolikoari eta Espainiar Estatuarekin lankidetza hitzarmenak sinatuta dauzkaten beste eliza, fede eta komunitate erlijiosoei.

2.Foru arau honetako erregimena beste elkarte eta entitate erlijioso hauei ere aplikatuko zaie, hots, Espainiar Estatuak eta Vatikanoak sinatutako Gai Ekonomikoei buruzko Akordioko V. artikuluan adierazten direnei, 1992ko azaroaren 10eko 24/92 Legeak, Espainiako Entitate Erlijioso Ebanjelikoen Federazioarekiko Estatuaren lankidetza onartzekoak, 11. artikuluko 5. apartatuan aipatzen dituenei, 1992ko azaroaren 10eko 25/92 Legeak, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekiko Estatuaren lankidetza onartzekoak, 11. artikuluko 5. apartatuan aipatzen dituenei, eta, azkenik, 1992ko azaroaren 10eko 26/92 Legeak, Espainiako Komisio Islamiarrarekiko Estatuaren lankidetza onartzekoak, 11. artikuluko 4. apartatuan aipatzen dituenei, nahiz eta erregimen hori aplikatzeko ezinbesteko baldintza den foru arau honetan irabazi asmorik gabeko entitateei eskatzen zaizkien beharkizunak betetzea.

3.Espainiar Estatuak eta Vatikanoak sinatutako Gai Ekonomikoei buruzko Akordioko IV. eta V. artikuluetan azaltzen diren Eliza Katolikoaren entitateak, Espainiar Estatuak beste eliza, fede eta komunitate erlijiosoekin sinatutako akordioetan agertzen direnak bezalaxe, mezenasgoaren entitate onuradunak izango dira foru arau honetako 18. artikulutik 26.era aurreikusitako ondorioetarako.

Zortzigarrena.Aurrezki kutxen gizarte ekintzak.

Desegiten badira eta beren fundazio-negozioan edo estatutuetan berariaz aurreikusita baldin badago, irabazi asmorik gabeko entitateek aurrezki kutxen gizarte ekintzarako utz dezakete beren ondarea, eta kasu horretan ez zaie 5. artikuluko 5. zenbakia aplikatuko.

Bederatzigarrena.Kirol federazioak.

1.Kirol federazioek kirol ikuskizunetan lortutako diru sarrerak ez dira sartuko salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoen sarreren % 40ko atalean, foru arau honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko baldintzak aipatutakoan.

2.Selekzio nazionalen edo erkidegoetakoen norgehiagokak, lagunartekoak nahiz ofizialak, antolatuz eta edozein bitartekoren bidez emanez edo zabalduz kirol federazioek lortutako errentengatik ez da Sozietateen gaineko Errenta ordainduko, baldin eta kasuan kasuko norgehiagoka antolatzeko eskumen osoa kirol federazio horiek badute.

3.Foru arau honetako 5. artikuluko 3. eta 4. zenbakietako baldintzak ez zaizkie ezarriko xedapen gehigarri honetan araututako entitateei.

Hamargarrena.Lehentasunezko jarduerak.

Foru arau honetako 29. artikuluan xedatutakoa betez, 2004ko ekitaldian lehentasunezko jarduerak izango dira ikerkuntzakoak mikroteknologien, genomikaren eta proteomikaren alorretan eta biomasaren nahiz bio-erregaien energia berriztagarrienetakoetan.

Hamaikagarrena.Arauei buruzko aipamenak.

Interes Orokorreko Jardueretan Ekimen Pribatuari Zerga Pizgarriak emateari buruzko 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Arauari buruz egindako arau aipamenak, foru arau honetako aginduei buruzkoak ere badirela ulertu behar da.

Hamabigarrena.Kooperatiben zerga erregimenari buruzko 1997ko maiatzaren 22ko 2/97 Foru Arauaren aldaketa.

Kooperatiben zerga erregimenari buruzko 1997ko maiatzaren 22ko 2/97 Foru Arauaren 42. artikuluko 2. eta 3. apartatuak honela geratu dira idatzita:

«2.  Sozietateen gaineko Zergan, onura publikoko kooperatibei eta gizarte ekimeneko kooperatibei aplikatuko zaien zerga erregimena, Irabazi Asmorik Gabeko Entitateen Zerga Erregimenari eta Mezenasgoaren Aldeko Zerga Pizgarriei buruzko Foru Arauaren 7-16 artikuluetan ezarritakoa izango da. Era berean, onura publikoko kooperatiben eta gizarte ekimeneko kooperatiben alde pertsona juridikoek egindako emaitza eta ekarpenei, eta enpresa lankidetzako hitzarmenei, foru arau horretako III. tituluko II. kapituluko dagozkion artikuluak eta 27. artikulua aplikatuko zaizkie.

3.Udal zergetan, Irabazi Asmorik Gabeko Entitateen Zerga Erregimenari eta Mezenasgoaren Aldeko Zerga Pizgarriei buruzko Foru Arauko 17. artikuluan ezarritako zerga erregimena aplikatuko zaie».

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.  Interes Orokorreko Jardueretan Ekimen Pribatuari Zerga Pizgarriak emateari buruzko 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Arauaren babesean emandako salbuespenen erregimen iragankorra.

Foru Arau honetako 4. artikuluan aipatzen diren entitateei Interes Orokorreko Jardueretan Ekimen Pribatuari Zerga Pizgarriak emateari buruzko 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Arauaren babesean emandako salbuespenak indarrean egongo dira 2005eko abenduaren 31 arte.

Bigarrena.Irabazi asmorik gabeko entitateek izendatutako merkataritza sozietateen administratzaileen erregimen iragankorra.

Foru arau hau indarrean sartu baino lehenago eratutako irabazi asmorik gabeko entitateek, foru arau honetako II. tituluan aurreikusitako zerga erregimen berezia aplikatzea aukeratzen badute, 2004ko abenduaren 31 arte izango dute denbora, 5. artikuluko 4. zenbakian merkataritza-sozietate partizipatuetan entitatea ordezkatzeko izendatutako administratzaileei buruz ezarrita dagoena betetzeko.

Hirugarrena.Estatutuak egokitzea.

Foru arau hau indarrean sartu baino lehenago eratutako irabazi asmorik gabeko entitateek, foru arau honetako II. tituluan aurreikusitako zerga erregimen berezia aplikatzea aukeratzen badute, 2005eko abenduaren 31 arte izango dute denbora, beren estatutuak 5. artikuluko 5. puntuan ezarritakoari egokitzeko.

Laugarrena.Zerga erregimen berezia aukeratzea.

2003ko ekitaldian Interes Orokorreko Jardueretan Ekimen Pribatuari Zerga Pizgarriak emateari buruzko 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Arauan jasotako erregimena aplikatu zuten irabazi asmorik gabeko entitateek foru arau honetako 16. artikuluan aipatzen den erregimen berezia aukeratu dutela joko da, ez baldin badiote berariaz uko egiten.

Era berean, aipatutako aukera, 2003eko ekitaldian edo 2004ko urtarrilaren 1aren eta Foru Arau hau indarrean sartzen den egunaren artean, adierazitako Foru Arauak zehaztutako erregimena hautatu duten irabazi asmorik gabeko erakundeen aldetik burutu dela ulertuko da, baldin eta aukera hori gauzatzeari berariaz uko egiten ez bazaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Foru Arau hau indarrean jartzen denean, bertan ezarritakoaren kontra dauden xedapen guztiak indargabetuko dira, eta bereziki, Interes Orokorreko Jardueretan Ekimen Pribatuari Zerga Pizgarriak emateari buruzko 1995eko martxoaren 24ko 5/95 Foru Araua.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena.Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari baimena ematen zaio foru arau hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak emateko, eta 18. artikuluaren gai diren mezenasgoaren onuradun diren entitateak zein diren zehazteko.

Bigarrena.Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak, II. tituluko II. kapituluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren edukiak izan ezik, horrek 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren ekitaldietan izango baititu ondorioak.