Zer da kooperatiba bat?
Pertsonen elkarte edo baltzu bat, enpresa-jarduera duena eta bere erabakiak demokratikoki hartzen dituena (bazkide bakoitzak boto bat).
Zein da gutxieneko bazkide-kopurua kooperatiba bat eratzeko?
Kooperatiba Txikientzat: gutxienez 2 bazkide langile eta gehienez 10.
Kooperatiba Ez Txikientzat: gutxienez 3 bazkide eta gehienezko mugarik ez.
Zein da gutxieneko Kapital Soziala, kooperatiba bat eratzeko behar dena?
3.000 euro, eratzeko unean ordainduak (eskudirutan edo ondasunetan).
Zein da bazkideen erantzukizuna?
Kooperatibaren zorrei buruz duten erantzukizuna harpideturiko kapital sozialera egiten dituzten ekarpenetara dago mugatuta.
Nola eratzen da kooperatiba bat?
Notarioaren aurrean, eratzeko eskritura publikoa egin eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen da.
Zer dira Estatutu Sozialak?
Kooperatibaren funtzionamendua arautzen duten arauak dira, eta Euskadiko Kooperatiben Legean dauden gutxieneko edukiak jaso behar dituzte.
Bazkideek —Batzar Nagusian— askatasunez finka dezakete eta finkatu behar dute horien edukia, Legeak ezarritako mugen barruan.
Zer da Barne Araudia?
Estatutu Sozialen edukia garatzen du eta Kooperatiben Legeak aipatzen dituen gai espezifikoak arau ditzake, adibidez, bazkideen lan- edo zigor-araubidea.
Ez da nahitaezkoa, eta ez dago Eskritura Publiko bihurtu beharrik ere.
Gizarte Segurantzako zein erregimen edo araubide aplikatzen zaie Kooperatibako bazkide langileei?
Kooperatibak bere Estatutu Sozialetan aukeratzen duena.
Kooperatibak aukera du, bere bazkide langile guztiei dagokienez, Erregimen Orokorrean edo Langile Autonomoen Erregimen Berezian sartzeko.
Zein dira Kooperatiba Txiki baten organo sozialak?
- Batzar Nagusia
- Administrazio Organoa:
- Modalitate hauen artean aukeratu behar da:
- Administratzaile Bakarra
- Administratzaile Solidarioak
- Administratzaile Mankomunatuak
- Kontseilu Errektorea
Badute kooperatibek zerga-araubide propiorik?
Zerga mailan, Kooperatibak Babestutzat edo Bereziki Babestutzat jotzen dira Lurralde Historiko bakoitzean arautzen dituzten Foru Arauetan.
Horien tratamendu bereziak salbuespenak, hobariak eta tratamendu espezifikoa ezartzen ditu zenbait zergatan, Elkarteen gaineko Zergan, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Zergan edo PFEZn, adibidez.
Nola banatzen dira soberakinak/emaitzak bazkideen artean?
Bazkideen jarduera kooperatibizatuaren proportzioan eta bazkide langileen kasuan, hauek ekitaldi bakoitzean egindako lanaren arabera.
Zein dira printzipio kooperatiboak?
Jarraibide edo ildo nagusiak dira, horien bidez kooperatibek abian jartzen dituztelarik beren balioak.
- Atxikimendu borondatezkoa eta irekia
- Kudeaketa demokratikoa bazkideen aldetik
- Bazkideen parte-hartze ekonomikoa
- Autonomia eta independentzia
- Hezkuntza, prestakuntza eta informazioa
- Kooperatiben arteko lankidetza
- Komunitatearekiko interesa
Zein dira balio kooperatiboak?
- Autolaguntza
- Autoerantzukizuna
- Demokrazia
- Berdintasuna
- Zuzentasuna
- Elkartasuna
- Balio etikoak: Zintzotasuna, gardentasuna, erantzukizuna eta gizarte-bokazioak
Beste gairen bat?
Argibide gehiago eskatu edo kontsultaren bat egin nahi baduzu, jar zaitez harremanetangurekin.